Eskolak izaera desberdineko hainbat proiektu aurrera eramaten ditu eta komunitate osoa horietan buru-belarri aritzen da lanean.
Proiektuak
Agenda 2030
Agenda 2030 proiektua ingurumena zaintzeko ekintza plana da. Eskolaren eta Udalaren konpromisoa eskatzen du. Ikasturte bakoitzean, ingurumenari lotutako gai bat aukeratzen da. Gaia aztertu eta eskolako ingurune hurbilaren diagnostikoa egiten dugu. Ondoren, eskolak hobetu beharreko ekintzak definitzen eta abian jartzen ditu. Era berean, herria hobetzen laguntzeko ekintzak proposatzen dizkiote ikasleek Udalari.

Baratza eta oilategia
Ikasleak eskolako baratzaz eta, egia bihurtutako ametsaz, oilategiaz, arduratzen dira.
Baratzeko barazkiak, fruitu lehorrak eta oilategiko arraultzak eskolako asteroko azokan saltzen dituzte.


Mediateka tutorizatua - Bidelaguna programa
Hainbat ikaslek, eguerdietan, irakasle baten laguntza jasotzeko aukera dute. Bertan, gelako edukiak lantzen eta indartzen dituzte.
Helburua ikasle ororen emaitzak hobetzea da.

STEAM (Robotika)
“STEAM” Ingelesezko akronimoa da: Science, Technology, Engineering, Arts eta Maths; hots, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika. Hezkuntza estrategia bat da STEAM eta honako hau du helburu: batetik, pentsamendu zientifikoa, teknologikoa, artistikoa eta matematikoa suspertzea. Bestetik, arrazoiketa, hau da, ikasleak ebidentzian oinarritzea erabakiak hartzeko edota problemak ebazteko orduan, betiere modu kooperatiboan lan eginez.
Helburu horiek lortzeko, ROBOTIKA erabiltzen dugu baliabide gisa. Robotak edota hainbat gailu programatuz, horiei mugimendua ematea lortzen da. Ikasleen arteko komunikazioa, elkarlana, sormena eta lidertza bultzatzen ditu.

Gaitasun digitala
Egungo gizartean teknologia etengabe aldatzen ari da. Eskolan gaitasun digitaletan trebatzen ditugu ikasleak, beren burua babes dezaten eta informazioaren erabilera kritikoa egin dezaten.

Henry Ortiz eskolarekin senidetza
El Salvadorren kokatua dagoen Segundo Montes komunitateko Henry Ortiz eskolarekin senidetuta gaude. Lanak elkar-trukatzeaz gain, ekintza berezietan lortutako dirua euren eskolako materiala hornitzeko bideratzen da.

Irratia
Astean behin, eguerdian, Uhinez uhin irratian (FM 99.8) zuzenean aritzen dira ikasleak.
Euskararen erabilera sustatzeko eta ahozkotasuna hobetzeko baliabide garrantzitsua da.
